Beste behin, kalera atera beharra izan dugu, 2018 urtean, Euskara, euskaldunak, hizkuntza komunitatea eta Euskal Herri euskaldunak mugatuta jarraitzen dugulako. Euskaldunok, egunero pairatzen ditugu bigarren mailako hiztun, eta herritar izatearen mugak.
Euskal herritarren belaunaldi berriok ez dugu ziurtaturik gure arbasoen hizkuntzaren ondarea jasotzea. Gaur da eguna, ondare horren transmisioa jaso ez dugun helduok, eskubide hori praktikara eramateko ordaintzen jarraitu behar izaten duguna. Atzerrian jaiotako euskal herritarroi ez zaigu inolako erraztasunik ematen berezko hizkuntza dugun euskara ikasi ahal izateko eta euskal jendartea gure ekarpenarekin aberasteko. Euskaraz funtzionatu nahi dugun administrazio publikoi behin eta berriz oroitarazten zaizkigu mugak non dauden. Nahi izanez gero, euskara aukera gisa erabili ahal izango dugu, baina lehentasunezko eta derrigorrezko hizkuntza bakarrak frantsesa eta espainiera dira. Euskara ezin da lehentasunezko hizkuntza izan. Eremu funtzional guzti-guztietan, euskara mendeko hizkuntza da, bigarren mailakoa.
Hiztun-komunitate gisa ere desegituratu egin gaituzte. Euskaraz sortu eta birsortu daitekeen komunitate osoa izan ordez, hiztun-irletan sakabanatuta aurkitzen gara. Hatsa hartu eta biziraun ahal izateko arnas-guneen bila irla batetik bestera.
Euskararen herria, Euskal Herria. Hizkuntza ukatua duen herria. Herri zatitua, ukatua. Euskaraz bizitzea ukatzen zaion herria. Erabaki ahal izatea ukatzen zaion herria, eta ez soilik bere etorkizun politikoa, baita zein hizkuntza antolaketa izan nahi duen ere.
Frantziar eta Espainiar estatuetako botereak ez daude prest euskararen berreskurapen eta normalizazio osoa gerta dadin. Ez daude prest euskaldunok normaltasunez euskaraz bizi ahal izatera irits gaitezen. Kanpo esku hartze hauek dira, muga guztion iturburua.
Frantziako estatuan, hizkuntza nagusi eta osoki funtzional bakarra frantsesa da. Bestelako hizkuntzak, euskara barne, folklore eta lagun arteko hizkuntzak bilakatuz. Eta jarrera hau da etorkizunean izango duena ere, ez baitago bere hizkuntza hegemonia bakarra aldatzeko prest.
Espainiar estatuak nahikoa dela erabaki du. Azken 40 urteetan hizkuntza erregionalekin izan duen eskuzabaltasuna eskuetatik doakiola ikusita, edonolako normalizazio prozesurekin bukatzea erabaki du. Eta ez bakarrik orain arteko mugak ezarriaz, baizik eta konstituzioaren 155. artikulua arma nagusitzat hartua.
Egoera hau, ondo ezagutzen dute herri katalanetako lagunek, jarraian katalan hizkuntzaren normalizazioa bilatzen duen Plataforma per la Llenguako presidente Oscar Escuderren hitzak entzungo ditugu.
Bada kanpo esku hartze horiek gainetik kentzeko garaia. Jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa emateko beharra dugu. Eta horretarako baldintzak badaude. Euskal Herrian bizi dugun testuinguruak jauzi hori emateko aukerak eskaintzen dizkigu.
Gure eta herri honen etorkizuna nolakoa izango den eztabaidagai ditugu administrazio ezberdinetan. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, estatus politiko berriaren eztabaidan buru-belarri daude sartuak. Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan lurralde elkargo egitura berriaren lehen urratsetan gaude. Bertan, datozen hilabeteetan, hiru lurraldeok izan beharreko hizkuntza politika zehaztuko dute. Eta Nafarroan, aldaketaren gobernutzat izendatu zaion legegintzaldiari oraindik urtebeteko jarduna geratzen zaio. Hiru urte igaro dira euskarak, ia aldaketarik izan ez dituenak. Izen aldaketa soilak, edo alderdien arteko eztabaidak ez dira euskarak eta nafarrok behar ditugunak. Euskarak Nafarroa osoan, benetako eta sakoneko aldaketak dira behar dituenak. Horregatik, gaurkoan, Gaztelu plazan gaudela baliatuz, 4koa osatzen duten alderdiei exigentzia bat luzatu nahiko genieke. Herritarrak mailakatzeari utzi, herritar guztien eskubideak bermatu, eta Aldaketa, euskaratik eta euskaraz egin dezatela. Euskara guztion hizkuntza delako, eta borondaterik baldin badago, urtebetean Nafarroak behar duen lege babes egokia egiteko denbora dago.
Jauzi hau emateak, euskarari, eta euskararen herriari etorkizuna eskaintzea esan nahi du. Etorkizunak ekarriko dizkigun erronkei aurre egiteko tresna eta baldintzak sortu behar ditugu. Horretarako, gure ohiturak aldatu eta euskaraz bizitzera goaz aldarria praktikan gauzatu behar dugu.
Euskal Herria berreuskalduntzea da euskaltzaleon lanaren iparra. Herri gisa eskubidea dugu hori lortzeko. Horretarako, euskararen berreskurapen eta normalizazioa azkartu beharra dugu.
- Euskararen ezagutza unibertsalizatu behar dugu
- Eremu funtzional guztietan euskararen erabilera orokortzeko planak indarrean jarri behar ditugu. Horiek guztiak plan estrategiko nazionalaren logikaren pean izango direlarik.
- Prozesu honi guztiari babes juridikoa emateko, lege onarpen egokia indarrean jarri. Euskara berezko hizkuntza, ofiziala, lehentasunezko eta ezagutu beharrekoa izendatzetik hasita.
Baina hau guztia garatu ahal izateko ezinbesteko faktore bat dago. Muga guztiak gainditzen lagunduko diguna. Burujabetza. Burujabetza, zein nolako hizkuntza politika garatu nahi dugun erabakitzeko. Burujabetza, hizkuntza eskubideak bermatzeko. Burujabetza, Euskal Herriaren berreuskalduntzea azkartu eta bururaino eramateko.
Beraz, eta hau guztia garatu ahal izateko, euskaltzaleok ez dugu beste irtenbiderik. Ahalduntzea eta desobedientzia. Desobedientzia ariketa erraldoia egiteko unea dugu. Hasteko, euskaraz bizitzea da euskaldunok egin dezakegun lehen desobedientzia ekintza.
Gaindi ditzagun behingoz inposatzen dizkiguten mugak. Ozen aldarrika dezagun:
Etorkizuna euskararentzat.
Euskaraz bizi ahal izatea euskaldunok.
Euskaraz normaltasunez biziko den eta osoki egituratutako hiztun-komunitatea.
Euskal Herri euskaldun burujabea.
GORA EUSKAL HERRIA EUSKALDUNA!
GORA EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ!