ZER DA EHE?
Euskal Herrian Euskaraz (EHE) euskara, euskaldunak eta Euskal Herria (hizkuntza, hiztunak eta lurraldea) ardatz dituen eragile euskaltzalea da, eta euskaldun eleanitzez osatutako Euskal Herri euskalduna du helburu. Euskarak egiten gaitu euskaldun, eta, era berean, euskarak egiten gaitu Euskal Herri; hots, herri nortasuna ematen digu. Euskararen herriak Euskal Herria berreuskalduntzeko eskubidea eta gogoa du, euskaldunon hiztun-komunitatearen etorkizuna ziurtatzeko bide bakarra baita, eta EHEk herri-gogo hori helmugaraino bideratzeko erabakitasuna du.
Estatu espainiarra eta frantsesa mendez mende saiatu dira Euskal Herria kolonizatzen, eta, horretarako, berezko hizkuntza ordezkatzeko ahaleginak egin dituzte. EHEk eragile aktibo izan nahi du euskara estatuek inposatutako diglosia egoeratik ateratzeko. Izan ere, euskaldunon hiztun-komunitatea berregituratu nahi badugu, ezinbestekoa da euskararen erabilera lehentasunezkoa izatea; hau da, bai ahozko erabileran, bai eremu funtzional eta geografiko guztietan euskararen erabilera hegemoniko bilakatzea. Horrela ulertzen du EHEk euskararen normalizazioa.