Datorren apirilaren 22tik 28ra, astelehenetik igandera, Euskaldunon Harrotze Astea ekimen nazionala eginen da Euskal Herri luze-zabalean. Euskal Herrian Euskarazek norbanako zein eragile euskaltzaleei gonbita eginen die aste horretan zehar euskararen aldeko tokiko borrokak zein nazio mailakoak kalera atera eta ikustarazteko ekimenak egin ditzaten. Ekimenaren xede nagusia euskararen aldeko borrokak kalean ikustaraztea eta indartzea, euskaltzaleen artean borroka horietan parte hartzeko ilusioa eta motibazioa piztea eta Euskal Herri euskalduna aldarrikatzea izanen dira. Era berean, lurralde osoan euskararen egiazko ofizialtasunaren eta horretarako berme bakarra izanen den Euskararen Errepublikaren beharra sozializatzeko baliatuko du EHEk.
Aurretik ere, horrelako ekimenak egin izan ditu EHEk, esate baterako, duela urte batzuk egin izan ziren ezabaketa egunak edota asteak. Aurtengo honetan, ordea, ekimenaren izenetik hasita, ikuspegi zabalago bat eman nahi izan diogu ekimenari, ezabaketetatik haratagoko zerbait proposatzen baita. Ezabaketak ere izango dira aste horretako ekimenen parte, gure kaleetako hizkuntza-paisaian oraindik ere euskara bigarren mailako hizkuntza gisa agertzen baita kasu askotan. Baina, horrez gain, askotariko ekintzak egiteko egunak izanen dira: muralak, pankartak, kaleko kultur ekitaldiak, elkarretaratzeak, ekintza zuzenak edota sinbolikoak… Azken finean, gure bizitzetako eremu guztietan euskaraz bizitzeko dugun eskubidea ardatz hartuz, ahaldundu eta aldarri zein borroka zehatzak kalera ateratzeko aukerak oso anitzak izan daitezke.
Harrokeriarik gabe baina, harrotasunetik
Euskal Herria berreuskalduntzeko prozesuan, EHEk ezinbesteko ikusten du herritarren kontzientziak piztea, egunerokoan nagusitzen den ustezko normaltasuna astindu eta euskaldun gisa jasaten dugun zapalkuntzaz jabetzeko. Horrela, euskararen aldeko borrokara herritar gehiago batzeko pizgarri izan daiteke Harrotze Astea. Era berean, garrantzitsua da egungo egoera iraunarazi nahi duten horiek edota, are, atzerakadak eragiten ari diren horiek seinalatzea eta salatzea. Hizkuntzaren normalizazio prozesuak, hots, berreuskalduntzeak, aurrera egiten jarraituko duela eta gainera, indarberrituta gatozela argi utziko diegu.
Zapaldutako herria izanik, historian zehar jazarpen, debeku eta gutxiagotze-diskurtsoen ondorioz, sortu dizkiguten konplexuak nabarmenak dira oraindik ere, berriki estreinatutako Bizkarsoro filmean garbi ikus litekeen bezala. Horregatik, berebiziko garrantzia du euskaldunok kolektiboki indartzea, ahalduntzea, harrotzea. Harrokeriarik gabe, baina, harrotasunez eta kolektiboki, esan dezagun euskaldunak garela eta gure herrian euskaraz bizitzeko eskubide osoa dugula.
Aurkezpena, hiru bideotan
Aste honetako astelehena eta asteazkena bitartean, hiru bideo zabaldu ditugu EHEren sare sozialetan. Bertan, Harrotze Asterako ekintza posibleen hiru adibide erakutsi bitartean, ekimenaren arrazoietako batzuk azaldu ditugu. Hementxe dituzue horiek ikusi eta entzuteko estekak: lehenengo bideoa, bigarrena eta hirugarrena.
Harrotu gaitezen! Harrotu ditzagun kaleak!