Euskaltzale Independentiston Topaketa arrakasta handiz egin da

Pasa den urriaren 7an euskaltzale ugari bertaratu zen Villabonara, Euskararen Errepublikaren beharra aldarrikatu eta hura eraikitzeko bidean hainbat galderen bueltan elkarrekin pentsatu asmoz. Hausnarketa interesgarriekin eta indartsu hasi genuen Euskaltzale Independentiston Topaketa; izan ere, Gurea antzokian 200 lagun inguru bildu zituen mahainguru nagusiak. Ekhiñe Atorrasagastiren gidaritzapean, Amets Aranguren, Amets Arzallus, Eneko Bidegain, Estitxu Garai eta Lorea Agirre Euskararen Errepublikaren inguruan luze eta sakon mintzatu ziren. Ardatz nagusi horren inguruan aurreikusita zeuden hiru galdera nagusiak (zertarako, nola eta nolakoa) lantzeko denboraz motz geratu ziren eta lehenengo bien bueltako hausnarketekin geratu behar izan genuen, nahiz eta hirugarren galdera ere zeharka landu.

Amets Arangurenek esan zuenez, euskaldun izatea “gure izaeraren eduki” izatetik “forma” izatera pasatu behar da. “Euskararen errepublika behar dugu gure liburutegietan euskal musika eta euskal literatura atalak desagertu daitezen”. Amets Arzallusek Txillardegiren hitzei egin zien ñabardura: ·Estaturik gabe ere iritsi gara iritsi garen lekura, eta ez dakit euskara salbatuko dugun, baina eutsi diogu, arnasestuka bada ere·. Dena den, onartu du “geroz eta korrontearen kontrago” goazela euskaldunok. Izan ere, argi dago, gero eta modu ageriagoan gainera, herri edo hiztun komunitate gisa aurrera egiteko ditugun erronkak erraldoiak direla eta Estatu propioa eta independentea izateak eskaintzen duen burujabetza eskuratu ezean, oso zail izanen dugula aurrera egitea. Bestetik, Eneko Bidegainek, Euskal Herriko zatiketa administratiboa “normalizatu” egin dela, eta horrek lurralde ikuspegia “diluitu” duela azpimarratu zuen: “Euskal Herrian ez daude hiru milioi ni, baizik eta bi gu, Iparraldean zein Hegoaldean”. Estitxu Garaik gutasun horri heldu zion, baina beste ikuspegi batetik: “Gu pila bat ditugu Euskal Herrian, eta aniztasun horri nola erantzuten diogun erronka handia da; nola konektatu mundu hobe eta bizigarriagoa amesten dugunon borroka horiek guztiak”. Lorea Agirrek, bide beretik, euskaldunon zapalkuntza eta eskubideen urraketak izan zituen hizpide. “Euskara diskriminazio ardatz bat da eta euskarak izan behar du antidotoa gizarte honen baitan dauden talde desjabetu guzti horien gizarte baturara iristeko”. Menperakuntzen ardatzak zehaztu eta horietan euskara txertatzeko beharra nabarmendu du. Ildo hori, arratsaldeko “Zein leku du euskarak intersekzionalitatean?” tailaerrean sakondu zen.

Ekitaldi politikoa

Jarraian, ekitaldi politikoa izan zen alboko Ama Lurra plazan. Amaia Agirre bertsolariak eman zion hasiera ekitaldiari, bertso pare batekin. Jarraian, Paul Bilbaok hartu zuen hitza, Euskalgintzaren Kontseiluko Idazkari Nagusi ohiak, eta aste horretako astelehenean zendu den Xabier Mendiguren izan zuen gogoan. 

Hizkuntza-gutxituetan mintzo diren herri guztiei keinu bat eginez, Paola Martínez Millanguir eta Paulina Melinka Poffald Quelempam maputxeak igo ziren ondoren oholtzara. Hizkuntza gutxituetako hiztunok gure hizkuntzari eustearen garrantzian jarri zuten fokua eta Euskal Herriarekiko elkartasuna adierazi zuten. Azkenik, Kattalin Zubizarretak Olaia Inziarteren Behe klasekoa kantua abestu ondoren, Sugoi Etxarrik eta Intza Gurrutxagak hitza hartu zuten, EHEren irakurketa politikoa egiteko. Irakurketa politiko osoa hemen irakurgai.

Historian atzera egin eta 60ko hamarkadan jarri zuten lehenik begirada. Hala, nabarmendu zutenez, garai hartan, “su txikian egosten ari zen euskararen biziberritzerako gogo, motibazio eta indarrak eztanda egin zuen”. Azaldu zutenez, euskararen aldeko borroka ez zen modu “isolatuan” eman eta euskaldun izatea “nire burua askatzeko” eta “desobeditzeko” bide bilakatu zen. Era berean, EHEk tokian toki borroka ugari piztu izan dituela gogorarazi zuten eta prozesu horretan bidelagun izan diren euskaltzale guztiei eskerrak eman zizkieten. Lortutakoa handia izan arren, urte luzetako lan horren fruitu gehienak, jada, jaso ditugula azpimarratu zuten. Zentzu horretan, euskalgintzaren baitan, eragile ezberdinen arteko diagnostikoan bat egiten dugula ere ohartarazi zuten; alegia, hizkuntza politiketan “jauzia” emateko beharra dagoela. “Izan ere, funtsean, duela 44 urteko egiturazko egoera berean gaude: bi estatu arrotzen menpe, lurralde osoan ofizialtasuna aitortu gabe, burujabetzarik gabe…” zioten. Argi esan zuten espainiar eta frantziar estatuen helburua “gure hizkuntzaren gutxiagotze-prozesuaren ondorioak betikotzea eta indartzea” izan dela eta hala izaten jarraitzen duela. 

Mundu luze zabalean hedatu den eta guztiok zeharkatzen gaituen “dominazio sistema konplexu” horretan ere jarri zuten arreta, “errentagarritasun-tasak handitzeko eta aberastasuna metatzeko hizkuntza txikiak oztopo dituen kapitalismo heteropatriarkal eta ekozida”. Hala, datozen urteei begira, EHEtik ditugun erronka nagusienetako batzuk zerrendatu zituzten: euskara ofizial egitea Euskal Herri osoan, hizkuntza ereduak gainditu eta euskaldunduko duen hezkuntza sistema eraikitzea, pantailak euskalduntzeko bidean aurrera urrats sendoak eman daitezen eragitea eta euskarazko espazio seguruak edo maila ezberdineko arnasguneak indartu, hedatu eta sortzea. 

Erronka guzti horien aurrean, “erakunde publikoak beste alde batera begira” daudela salatu dute eta euskalgintzako eragileen artean, “estrategia eta ekintza-ildo bateratuak” indartu behar direla nabarmendu zuten. Amaitzeko, “Euskararen Errepublika” eraikitzearen beharra ozen aldarrikatu zuten: “Bai herri bezala aurrera ateratzeko, bai Euskal Herri euskalduna lortzeko, ezinbesteko dugu independentzia; izan ere, soilik estatu independiente batek ematen duen botere politikoa eskuratuta erantzun ahalko dizkiegu aipatutako erronkei”. Etorkizunari begira, itxaropenerako mezua jaurti zuten, gogoraraziz “Euskal Herri euskalduna posible” dela.

Ekitaldiari amaiera emateko, Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako azaroaren 4ko manifestazio nazionalerako atxikimendu-argazkia atera zen, bertan zirenek Euskaraz bizi nahi dugu!, Euskararen Errepublika! eta Euskal Herrian euskaraz!” leloak oihukatzen zuten bitartean.

Arratsaldean, tailerrak

Herri bazkarian indarrak hartu ondoren, arratsaldean, gai anitzen inguruko tailerren ordua iritsi zen. Lehenengo txandan, “Euskararen erasoen aurrean, zer?” tailerrean, sistema juridiko zapaltzaile eta supremazista baten aurrean gaudela ohartarazi gintuzten Agurne Gaubekak eta Iñigo Urrutiak, horren aurrean euskaldunok geure hizkuntza eskubideen kontzientzia hartu eta mugimendu indartsu bat sortzearen beharra nabarmenduz; “Zein toki du euskarak intersekzionalitatean?” hainbat eragileren (Bilgune Feminista, Euskal Herriko Emakume Migratu eta Arrazializatuen Sarea, EHGAM eta EHE) arteko topaketan, borroka ezberdinen artean elkar entzuteko, enpatiaz aritzeko eta konplizitateak sortzeko espazioak bultzatzearen beharra ikusi zen, gerora, aliantzak ekintzetara eramateko; eta “Kultur transmisioa hezkuntzan” auzolana, euskal curriculuma, material propioaren sorkuntza, intsumisioa… eta beste hainbat tresnaren beharrezkotasunaz aritu ziren.

Bigarren txandan, berriz, “Txispa batek sortzen du sugarra: tokiko borrokak berpizten” mintegian HerriBiltzaren, EHUNen eta EHEren tokiko borroken esperientziak ezagutu eta aurrera begirako irakaspenak atera genituen; “Gazteok euskararen borrokan”, aldiz, euskalduntze olatu berri baten motore izanen den hizkuntza-zapalkuntzaren kontzientziaren berpiztea, gazteon artean nola landu eta zein borroka-ildo izan daitezkeen estrategiko bide horretan pentsatu genuen; eta bukatzeko, “Pantailak euskaraz: ezinbesteko erronka” tailerrean, EITBri euskalduntzean berriz ere eragile aktibo izatera iristeko bultzatu beharraz eta euskarazko sortzaileen lana plazaratzearen garrantziaz hitz egin zen; euskaltzaleok zeregin hortan bozgorailu izan behar dugu.

Tailerrak bukatu orduko, Jainekin Txarangaren doinuek hartu zituzten Villabonako kaleak eta musikarien inguruan bilduz joan ziren tailer ezberdinetatik zetozen parte hartzaileak. Gogobetetasuna sumatzen zen elkarrizketetan; jendea nekatuta baina pozik atera zen Topaketako hausnarketa kolektiboetatik. Une horretatik aurrera, patxadaz mintzatzeko, elkar ezagutzeko, dantzatzeko, abesteko… tartea izan zen. Herriko kale luzeetan zehar ibilitako txarangak Aljibeko kontzertuei eman zien lekukoa: Yogurina Borova eta Gora Etorri. Biek ala biek, sekulako giroa jarri zuten Villabonako lurpeko ur-biltegi zaharberrituan. Kontzertuak amaitutakoan, DJ Argi eta Txo izan ziren itxi arte.

Igande goizean, Irrintzi elkartean gosaldu ondoren, errebote partiduen erakustaldiez eta mural-pintaketaz gozatzeko aukera izan zen eta horien ostean, marianitada eta toka txapelketarekin itxi zen lehen Euskaltzale Independentisten Topaketa.

Lehen balorazioa

Azaroaren 4an Bilbon eginen dugun Komunitatearen Bilkuran balorazio zehatzagoa egin bitartean, EHEko Batzordetik egin dugu lehen balorazioa; oso positiboa da, izan ere, ezarri genituen helburuak bete dira: euskaltzale eta independentiston sarea trinkotzeko balio izan du, EHEk egiten duen egoeraren irakurketa eta datozen urteetarako lan-ildoak sozializatzeko espazio egokia izan da eta Astindu prozesuan finkatutako Euskararen Errepublikaren helburu estrategikoa xehetzen hasi garelarik, ekarpen interesgarriz beteta atera gara. Gainera, bertaratu zirenen aldetik, oso sentsazio positiboak jaso ditugu, esker eta zorion mezuekin batera. Hortaz, poz-pozik eta pilak beteta irten gara lehen Topaketa hauetatik.