Joan den irailaren 10ean, Gorka Torre Euskal Herrian Euskarazeko kidea epaitu zuten. Hainbat ekintza egotzita auziperatu zuten EHEko kidea; alde batetik, maiatzaren 17an, Baionako suprefeturaren kanpoko horman, ikasleek baxoa euskaraz egiteko aukerarik ez dutela salatzeko, “geldi euskara zapaltzea” idazteagatik, bestetik, Baxe Nafarroako hamarnaka herritan bide seinale erdaldunak kendu eta Portugaleteko Bizkaiko zubira eramateagatik. Ekintza horien bitartez, frantziar eta espainiar estatuen eskutik euskaldunok jasaten dugun zapalkuntza ikusarazi eta salatu nahi izan zituen Torrek.
Irailekoa ez zen izan Torre epaitu zuten lehenengo aldia. Izan ere, martxoan, jada, hainbat pintaketa egin izana egotzita epaitu zuten. Orduko hartan, ezin izan zuen euskaraz deklaratu, ez zioten bere burua euskaraz defendatzen utzi. Horren aurrean, Torrek epaitegitik ateratzea erabaki zuen eta 500 euroko isuna eta hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten, gibelapenarekin. Aurreikusi modura, irailaren 10eko epaiketan ere gauza bera gertatu zen. Torreri ez zioten euskaraz deklaratzen utzi eta, beraz, epaiketa utzi eta epaitegitik ateratzea erabaki zuen. Hala, 3.268 euro ordaintzera zigortu dute EHEko kidea.
Ezarritako isunaren aurrean, diru-bilketa martxan da. Bildutako diru hori, ordea, Torrek ez du isuna ordaintzeko erabiliko. Horren ordez, orain arteko eta hurrengo epaiketen gastuei aurre egiten laguntzeko eta euskararen aldeko kanpainekin jarraitzeko erabiliko da. Ekarpena kontu korronte honen bidez egin daiteke: FR76 1690 6000 2987 0293 8888 088 (IRABIA elkartearen izenean).
Gertatuak argi adierazten du, kasu honetan, frantziar legediak euskara eta euskaldunak zapaltzen dituela. Geure buruak justiziaren aurrean euskaraz defendatzeko eskubidea dugu eta frantziar nahiz espainiar estatuei eskubide hori bermatzea dagokie. Era berean, EHEtik irizten diogu, oso bide interesgarria dela desobedientziarena eta modu indibidualetik kolektiborako jauzia eginez gero, egoerak aldatzeko izugarrizko tresna izan daitekeela.
Datozen asteotan, Torrerena gizarteratu asmoz eta, horrenbestez, Euskararen Errepublikaren beharra azpimarratuz eta herritarrei abenduaren 7an Durangon egingo dugun manifestazio nazionalera bertaratzeko deia eginez, Euskal Herriko hainbat txokotan formatu desberdinetako saioak prestatzen gabiltza; mahai-inguruak, hitzaldiak, emanaldiak… Saio horien data zehatzak ondoko egunetan jakinaraziko ditugu.