EHUrekin (Euskal Herriko Unibertsitatea), elkarlanean, Hizkuntza eta osasuna txirikordan! proiektua jarri dugu abian. Dagoeneko, Euskal Herriko zenbait unibertsitatetan egin ditugu ekimenaren aurkezpen saioak. Bertan, egitasmoaren nondik norakoak azaltzea eta bertaratu direnen ekarpenak jasotzea izan dugu xede nagusi.
Hizkuntza eta osasuna txirikordan! proiektuaren bitartez, osasun sistemaren kalitatean hizkuntzak duen garrantzia bistaratu nahi dugu. Gai horren inguruan asko ikertu da eta, beraz, esaten gabiltzana ez da ezer berria. Azterketek argi adierazten dute hizkuntzak berebiziko garrantzia duela osasun arretan. Hala bada, gaia berriro ere mahai gainean jartzea da gure helburua, herritarrek kontzientzia hartzeko eta, aldi berean, Euskal Herri osorako kalitatezko osasun sistema aldarrikatzeko.
Horregatik, egitasmoak herritarrak ditu erdigunean eta herritarren parte hartzea da eskatzen duguna. Zehazki, galdetegi baten bitartez, esperientzia edo bizipen desberdinak jaso nahi ditugu. Jakin nahi duguna da, osasun arreta jasotzerakoan, hizkuntzaren arabera esperientziak nola aldatzen diren. Alegia, herritarren esperientzien bitartez kontatu nahi duguna da, erdaraz edo euskaraz artatua izateak zein sentipen, emozio… eragin dituen paziente euskaldunengan. Hizkuntzaren arabera, esperientzia horiek nolakoak diren identifikatu nahi dugu; horretarako, esperientzia onak zein txarrak jaso nahi ditugu.
Horrenbestez, prestatutako galdetegia erantzuteko hamar minutu hartzea eskatzen dizuegu. Galdetegiaren esteka jarraian duzuen hauxe da: https://erabili.liberaforms.org/hizkuntza-eta-osasuna-txirikordan. Era berean, zuen inguruan zabaltzeko gonbita egiten dizuegu.