Hainbat instituziok aurpegi zuriketarako aprobetxatu ohi duten Euskararen Nazioarteko Egunean, Euskal Herrian Euskarazetik euskararentzat eta euskaldunontzat justizia aldarrikatu dugu. Euskaldunontzat gaur egungo markoan ez baitago justiziarik. Gure eskubideak behin eta berriz zapalduak dira eta euskaraz bizitzeko eskubidea ukatzen digute bizitzako esparru askotan.
Hain justu, Baionako epaitegian egindako ekintza honekin, Frantziako konstituzioa eta, beraz, legedia, supremazista eta euskaldunontzat baztertzailea dela salatu dugu. Hego Euskal Herrian ere gauza bera gertatzen da, Espainiako konstituzioak eraginda; hala bada, Donostiako Justizia Jauregiaren horman, tinduz idatzita, “Justizia = Euskararen Errepublika” esaldia azaldu da. Orain, gainera, oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoarekin are nabarmenago egiten ari da hori, borrokaz lortutako eskubideak murriztu nahian dabiltzalarik. Ekintza gauzatu duten EHEko bi kideak atxilo eraman ditu Polizia frantsesak eta sei orduz izan ditu atxiloaldian. Apirilaren 11n izango dute bi ekintzaileek epaiketa.
EHEtik argi dugu sistema honen baitan eta bi estaturen pean ezinezkoa izanen dugula euskaraz bizitzea. Horregatik, euskaldunei zein nazioarteari mezu hau helarazi nahi diegu: Euskararen Errepublika, independentzia, ezinbesteko dugula Euskal Herria berreuskalduntzeko eta euskaraz bizi ahal izateko, eta beraz, munduko hizkuntza aniztasuna behar bezala garatzeko. Horregatik, Euskararen Errepublika eraikitze bidean, larunbat honetan, abenduaren 7an, Durangon eginen den manifestazio nazionalera dei egiten dugu.