Abian da euskaldunon harroaldia!

Lehenengo aldiak beti izan ohi dira bereziak eta Euskal Herrian Euskarazko kideontzat, halaxe izan da estreinakoz egin dugun Euskaldunon Harrotze Astea. Zazpi egunetan zehar, bizipen nahiz esperientzia ederrak partekatzeko aukera izan dugu Euskal Herri luze zabaleko euskaltzaleok elkarrekin harrotuz, saretuta ahaldunduz eta eraginez, alegia. Haien oldarraldiaren aurrean, gure harroaldia abian da.

Apirilaren 22tik 28ra, eragile zein norbanako euskaltzaleei, kolektiboki harrotzeko eta tokian tokiko borrokak berpizteko deia egin genizuen eta jasotako erantzunarekin oso gustura gaude. Lortu dugu euskararen aldeko aldarriak eta borrokak kalera (zein sarera) ateratzea. Lortu dugu euskarari kalea ematea eta kaleari euskara!

Asko izan zarete Harrotze Astearekin, modu batera edo bestera, bat egin duzuen euskaltzaleak. Handik eta hemendik iritsi zaizkigun atxikimendu mezuak, ekintzen irudiak, material eskaerak… espero baino gehiago izan dira eta horregatik, eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi. 

Aipatu modura, kolektiboki harrotzeko eta euskararen aldeko tokian tokiko borrokak pizteko helburuarekin deitu genuen Harrotze Astea, Euskal Herri euskalduna lortzeko ezinbesteko izango baitugu hori. Jakin badakigu, zenbait kasutan, helburuok ez direla gauetik goizera lortzeko modukoak baina, uste dugu, Harrotze Astea bultzada polita izan dela bide horretan. Abiapuntu garrantzitsu batzuk markatu eta harreman sare interesgarriak osatzen hasi baikara. Ari gara bidea egiten eta aurrerapausoak ematen jarraitzeko, giltzarri izango da konstantzia eta talde-zaintza; hau da, eragiten ari garen eremuetan lanean jarraitzea eta hori ongi zaindutako sareen bidez egitea. 

Horregatik, Euskaldunon Harrotze Astean piztu den sua hauspotzen jarraitzeko deia egin nahi genizueke. Euskal Herri Euskalduna lortzeko bidean, abian jarritako borrokei bide ematea eta euskaldunon komunitatea indartzen jarraitzea ezinbesteko izango dugu. Euskara izango dugu askapenerako bide eta desio dugun Euskararen Errepublika, nola ez, euskalduna eta zapalkuntzarik gabekoa, eraikitzeko tresna. Elkarrekin, jarrai dezagun borrokan, harro!