Joan den larunbatean, azaroaren 4an, Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat euskaraz bat lelopean, 70.000 herritar baino gehiago elkartu ginen Bilbon, euskararen aurkako oldarraldia salatu asmoz. Euskalgintzaren Kontseiluak deitu zituen herritarrak manifestatzera -Euskal Herrian Euskaraz Kontseiluko zuzendaritzako kide da- eta hamarnaka alderdi politiko, sindikatu eta eragilek ere bat egin zuten deialdiarekin.
Euskararen aurka oldarraldi bat badela esatea ez da ezer berria. Izan ere, historian zehar, euskararen eta euskaldunon aurkako erasoak eguneroko ogi izan dira. Azkenaldian, ordea, badirudi erasook forma jakin bat hartu dutela eta euskararen etsaiak epaitegiak ari dira behin eta berriz erabiltzen, modu sistematikoan, euskaldunon aurka egiteko. Auzitegietatik, epai bat bestearen atzetik dator eta horietako asko, hizkuntza eskakizunen aurkako ebazpenak dira.
Epai horiek ez ditugu modu isolatuan ulertzen, estrategia edo egiteko modu baten ondorio bezala baizik. Eta egiteko modu horrek helburu jakin bat du: euskararen normalizazio prozesua oztopatzea. Oldarraldia judiziala ez ezik, mediatikoa eta politikoa ere bada, euskarofoboak bide guztiak ari baitira erabiltzen euskaldunon aurka egiteko.
Hain justu, hori guztia salatzera atera ginen Bilboko kaleetara eta aspaldian egindako euskararen aldeko manifestazio jendetsuena izan da. Oldarraldiaren aurrean, gizartearen zati handi batek adierazi du bere ezinegona eta eskatu du euren eskubideak berma eta errespeta daitezela. Manifestazioaren amaieran, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko Idazkari Nagusiak egindako irakurketa osoa hemen duzue irakurgai.
Argazkia: Berria